IRAILAK
10
ostirala
 

  ILARGIRA IRITSI GINENEAN…

09/07/24

Gizakia ilargira iritsi zenetik berrogei urte igaro omen dira. “Urrats txiki bat gizakiarentzat eta urrats handi bat gizadiarentzat”. Haiek izan ziren hitzak; AEB-ko bandera eta ilargiko lurrazal ukiezinean oinatz bat izan ziren irudiak. Eta horrela idatzi zen historia liburuetan. Baina, 1969ko uztailaren 20an historia egin edo istorio bat asmatu zen? Guinness liburuan idatzi beharrekoa hala Hollywood-en produkzio berria? Nork daki!!!
Izan ere, zer dakigu guk ongi baino hobeto apaindutako gezurrei buruz? Ba al dakigu zerbait egia bezala aurkezten diren gezurren inguruan? Guk ezer gutxi, eta boteredunek gehiegi. Horregatik dituzte komunikabideak beren gain; kontrolpean, lotuak, haien agindupean.

Komunikabideak direlako haien aho eta ahots; haien aurpegi eta begi; haien esklabu. Komunikabideak manipulatzen dituzte, horiek gu manipulatzeko. Haiek erabakitzen dute zer aurpegirekin aurkeztu behar diguten mundua. Non dagoen gaur gatazka, Palestinan, Kosovon hala Pakistanen; nola doan ekonomia eta zer eguraldi egingo duen datozen orduetan. Guztia; esatea eta ixiltzea komeni denaren arabera. Horrela, Txinako gobernuak ez du onartuko Tibeteko istiluak isladatuko dituzten irudiak ateratzerik. Modu berean,  TVE1-n ez dute sekula ezker abertzaleko manifa baten berri emango, are gutxiago milaka eta milaka pertsona baldin badaude. Era berean,   izugarrizko euritea badator ere, ez duela hain eguraldi txarra egingo adieraziko dute ETB-n, Eusko Jaurlaritzak antolatutako jaialdi bat baldin badago. 

Adierazpen askatasuna komunikabideentzat kontzeptu arrotz bat dela jakin badakigu, kaleak ere ixilarazi nahi dituzten honetan. Baina gizarteak patu gisa esan-ezintasuna, mututasuna edo ixiltasun inposatua izateaz gain, ikus- eta entzun-ezintasuna ere sufritzen du. Ofizialtasunari zintzoki erantzun nahian, askatasuna ahazten dute bidean. Zer sinistu? Bai, eta sinistu diot, azkenean komunikabideek egiak saltzen dituztelako; eta sinismen edo fede kontuan bilakatzen da guztia.

Horregatik, berrien aurrean erne! Bertsio ofizialek gaizki usaintzen baitute gehienetan… Lehoiek euren historiagileak izan arte, ehiza-istorioek beti goraipatuko baitute ehiztaria. Hertzainak taldeak “oroimen txarra” izanik, hau zioten: “bertsio ofizial faltsuen erresuma da historia. TB-ri so diren hiritar zintzoen gozamenerako informazio pozointsuaz bonbardeatuak gara egunero, benetazko zerbait maltzurki moldatua dena zuzen dagoela sinistarazteko”.

Beraz, 1969an Amstrong eta beste ilargira iritsi zirela egia ote den? Ideiarik ez, baina ez legoke gaizki gutxienez zalantzan jartzea. Zalantza delako bidea egiara iristeko. Egia biribil eta potoloak irenstez nazkatu gaitezen, ilargitik jaitsi gaitezen, esnatzen has gaitezen…

ZOILA BERASTEGI


Bierrik Fundazioa | Foruen plaza 23 ,1. | 31800 Altsasu (Nafarroa) | Tfnoa.: 948 56 42 75 | Faxa: 948 56 21 07 | E-mail: guaixe@guaixe.net
Web Mapa | Lege Oharra | Datuak Babesteko Politika | Web Diseinu eta Programazioa
BAI EUSKARARI - zerbitzua eta lana euskaraz