|
Bierrik Fundazioa
Bierrik elkartea: ibilbide oparoa Aro berriari hasiera emanen dio Bierrikek.2009. urtetik aurrera, elkarte izaera utzi eta onura publikoko fundazio bilakatuko baita. Hurrengo Guaixean fundazioaren nondik norakoa azalduko dugu, baina bidezkoa iruditu zaigu, lehenik eta behin, orain arteko ibilbide oparoari begiratua ematea. Bierrik elkartearen sorrera eta bilakaera (1994-2008) Bierrik elkartea 1994. urtean sortu zen Sakanan. Garai hartan Euskal Herrian pil-pilean zegoen euskarazko herri aldizkarien gaia, eta Sakanan bertan ere halako proiektu baten alde egin zuten kazetaritza ikasten ari ziren hiru kazetarik: Amaia Amilibiak, Aitziber Etxaizek eta Olatz Irizarrek. Helburua finkaturik zegoen, hau da, Sakanan euskaldunek hilabetekari batean informazioa euskaraz jasotzea, baina bitartekoak falta ziren horretarako. Testuinguru horretan sortu zen Bierrik elkartea, egitasmoari izaera juridikoa emanen zion elkartea. Sortu zenean bi helburu zituen elkarteak: 1. Euskarazko hedabideak uztartu eta bultzatzea. Helburu honen adierazgarri dira: Guaixe hilabetekaria eta, ondotik, Guaixe astekaria; Beleixe irratia eta Oixe astekaria. 2. Euskal kultura jorratzea: kultur programazioa; euskarazko argitalpenak (liburuak, diskoak, jokoak...); eta ikastaroak antolatzea (kazetaritza-hizkuntza, euskalkien erabilera...). Helburu horiez gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu Bierrik elkarteak, hala nola, argitalpen zerbitzua (udal-buletinak, kartelak, egutegiak, agendak...) eta itzulpen zerbitzua. Bierrik elkartearen egoitza nagusia Altsasuko erdigunean dago (Foruen plaza 23, 1.), eta bertan daude Guaixe astekariaren erredakzioa eta elkartearen bulegoa. Lokal honen jabetza —eta baita behean dagoen taberna eta sotoarena— elkartearena da. Beleixe irratiaren estudioa, Etxarri Aranazko kultur etxean dago. Gaur egun, 10 langile ditu elkarteak. Bierrik Elkartea Topaguneako (Euskara Elkarteen Federazioa) eta Nafarpreseko (Nafarroako tokiko prentsaren elkartea) kide da. Guaixe hilabetekaria (1994) 1994ko abenduan ikusi zuen argia Guaixe hilabetekariaren lehenengo aleak. Sakanako euskaldunak beren etxeetan hilabetekaria doan jasotzen hasi ziren. Sakanako euskaltzaleen artean piztutako ilusioa zela medio, kolaboratzaileen sare zabala sortu zen. Guaixe hilabetekari izan zen urte horietan guztietan herrietako kolaboratzaileek beren herriko kronika idatzi zuten hilabetero-hilabetero. Sortu zen komunitate sentimendua oso garrantzitsua izan zen Bierrik elkartea garatzeko. Lehenengo hiru urteetan Guaixe hilabetekaria izan zen Bierrik elkartearen ia proiektu bakarra. Hilabetekariak etxeetan harrera beroa jasotzen bazuen ere, euskarazko beste hedabide batzuk sortzeko beharra ikusi zuen elkarteak, soilik idatzizko alorrera ez mugatzeko. Bierrik elkarteak hasiera-hasieratik zuen euskara hutsean emitituko zuen irratia sortzeko asmoa, jende gehiagorengana iristeaz gain, azken orduko albisteak lantzeko parada ona zelako. Guaixen zaharkituta geldi zitekeen informazioa berritzeko aukera zegoen eta, gainera, aisialdiak ere bere lekua izango zuen. Horrela, 1997an gogoz hasitako lanak bi urte behar izan zituen errealitate bihurtzeko, 1999ko udaberrian Beleixe irratia sortua zen eta. Beleixe irratia (1999) 1999ko maiatzaren 3an uhinetan zabaldu zen Beleixe irratia, Sakanako irrati euskalduna. Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren lizentzia erabili zuen martxan jartzeko. Hasieran, bi orduko irratsaioa egiten hasi zen eta gaur egun, astean 26 orduz emititzen du irratiak, 10:00etatik 14:00etara. Ordu horiez gain, nahi duenak atea zabalik du Beleixe irratian arratsaldeetan irrati saioak egiteko, betiere euskaraz baldin badira. Arratsaldero saiorik ez bada ere, astero bizpahiru saio egiten dira. Programazioa zabaltzeko asmoz, irratia nola erabili azaltzeko ikastaroak ere antolatu izan dira. Beleixe irratia Arrosa proiektuan dago hasieratik eta Nafarroako Irrati Euskaldunen Sareko (NIES)kide da. Hiru irrati elkarrekin osatutako sarea (2000) Beleixe irratia sortu eta berehala, 1999ko abuztuan, Aralar eta Esan erran irratiekin jarri ginen harremanetan. Aralar irratia Lekunberriko udal irratia da eta Araitz, Betelu eta Larraun aldean entzuten da. Ametza kultur elkarteak sustaturiko Esan-erran irratia Basaburua, Ultzama, Imotz, Odieta eta inguruetan entzuten da. Hiru irratiek, geografikoki hurbil egoteaz gain, antzeko programazioa eta filosofia dugu. Ideia ontzen eta lantzen urtebete pasa ondoren, 2000ko urriarekin batera aireratu zen Sarea. Horrekin, Beleixe irratiaren emisioari beste ordu bat gehitu zitzaion. 10:30etik 11:00etara hiru irratietako esatariek eskualdeetako albisteen berri ematen dute eta tertuliatxoa egiten dute. Ondoren, magazina hiru irratien artean egiten da. Irrati bakoitzak ordu erdiko saioa egiten du. Edukiak banatuta daude, gaiak errepikatu ez daitezen. Sarea 12:30ean despeditzen da eta ondoren irrati bakoitzak egoki jotzen duen saioa egiten du. Ahaleginak 2001eko Argia aldizkariaren merezimenduzko saria ekarri zigun. Oixe astekaria, Sakanako kazeta (2001) Elkartearen baitan eztabaida ugari izan zen Guaixeko berrien tratamenduaren inguruan, hilabetekaria etxeetara iristen zenerako berri asko zaharturik gelditzen zirelako. Aldizkariaren maiztasunak biziki kaltetzen zuen informazioaren egunerokotasuna. Besteak beste, horri aurre egiteko egin zen irratia. Hala ere, Beleixe martxan egonagatik, idatzizko albiste eguneratuen auziak bere horretan zirauen. Guaixe hilabetekaria hamabostekari bihurtzea izan zen proposaturiko irtenbideetako bat, baina, oso garestia zenez, ez zegoen egitasmo hori aurrera ateratzeko modurik. Ondorioz, beste aukera baten alde egin zen: astero-astero zuri-beltzean eta egunkari formatuan doan banatuko zen kazeta: Oixe. Beste gainerako egunkariak saltzen diren kioskoetan doan banatzen hasi zen 2001eko ekainean. Guaixe astekaria (2003) 2003. urtera arte aldi berean argitaratu ziren Guaixe hilabetekaria eta Oixe astekaria. Hausnartzeko garaia iritsi zen, ordea: 8 orrialdeko astekari bat eta hilabetekaria egiteko bitarteko eta gaiak baldin bazeuden, zergatik ez egin orri gehiago eta gaiak sakonago landuko zituen astekari indartsuago bat? Berriro ere beldur, zalantza eta oztopo guztiei aurre egin eta oso pauso garrantzitsua eman zen 2004. urtarriletik aurrera: Guaixe astekaria, formatu berria eta erabat itxuraldaturik, aldizkari itxura alde batera utzirik. Guaixek 4.500 ale banatzen ditu astero dohainik beste horrenbeste etxetan. Guaixe astekariaren proiektua Sakanan oso erroturik dagoen seinale da irakurleen neurketak emandako datua: 2006an komunikabiderik irakurriena izan da Iruñeko mendialde osoan eta inkesta horren arabera, 16.000 irakurle ditu. www.beleixe.com (2007) 2007ko martxoan, Nafarroako hizkuntza-gabeziei erantzun nahian, herrialde osoa kontuan hartzen zuen Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea (NIES) proiektua garatu zuten Nafarroan euskaraz diharduten 6 irratiek, Aralar, Beleixe, Esan-erran, Euskalerria, Karrape eta Xorroxin irratiek. Gure baliabideak eta ekoizpena optimizatzeko eta Nafarroa osora hedatuko den programazio bateratua emititzeko. Ildo horretan, lehenengo lana izan zen sei irratiak digitalizatzea, irratien web orriak sortzea eta eguneko audioak sarean denon eskura jartzea. www.guaixe.net (2007) Hilabetekari zena astekari eta astekari zena egunkari. Asmo horrexekin egin zuen Guaixek salto sarera: informazio erabilgarria, bat-batekoa eta euskaraz eskaintzeko. Guaixeren web orriak astekariaren edukiak jasotzen ditu, baina web orri dinamikoa da. Astero buletina jasotzeko harpidetza ere egin daiteke web orrian bertan. Euskal kultura jorratzen (1994-…) Esan bezala, Bierrik elkartearen sorrerako helburuetako bat euskal kultura jorratzea izan zen. Elkartea sortu zenetik, 14 urte hauetan, arlo, lan eta ardura desberdin ugari landu, sustatu eta bulkatu ditu Bierrik elkarteak. Ez gara orain egindako guziak hurrenez hurren adierazten hasiko, jakina, baina, hona hemen lagintxo bat: 1. Kultur ekitaldiak: Topagunearen Kultur errota. Euskararen Zirimola Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean (2007ra arte). Topagunearen BatBIRAlau. Ikastaroak: euskararen araugintza, irratigintza, euskalkien erabilera... Altsasuko (Bierrik taberna) eta Etxarri Aranazko (Leku ona taberna) euskal txokoak (2005era arte). 2. Euskalgintza eta normalizazioa: Sakanako ahozko ondarea biltzeko beka, Sakanako Mankomunitatearekin batera. Bai Euskarari ziurtagiria. Mintzakide programan kolaboratzaile. 3. Argitalpenak: Etxarrieratik sakanerara liburua. Nafarroako Gobernua. Eneka Maiz eta Iñaki Mundiñano. 1998. Sakanerri barrena: historia, herri jakintza eta ohiturak liburua. Jose Maria Satrustegi. 1999. Sakanako idazleen antologia (I) liburua. Joxemiel Bidador. 2000. Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste liburua. Jose Luis Erdozia. 2003. Basogintza Sakanan liburua. Nafarroako Gobernua (koordinazioa Bierrik elkartetik). Maria Flores. 2003. Galdesakan tribial jokoa. Sakanan egina musika bilduma. 2000.
|