|
Dj Gordon eta Dj Sergi
 Irurtzun eta Andoaingo DJak
09/06/04
Maider Betelu Ganboa
Irurtzungo Alvaro Legarrak –Dj Gordon–, Andoaingo Sergio Amadok –Dj Sergik– eta Bilboko Unai Ath Djak North Trance Collectiv egitasmoa sortu dute, euren gustuko diren trance, progressive-house, trance uplifting eta tech-trance doinuak jarri eta hedatzeko, “hemen ez baitaude oso zabalduta”. Akaso askok ez ditugu musika elektronikako estilo horiek ezagutuko, eta horretarako primerako aukera dugu gaur. Izan ere, North Trance Collectiv taldeak elektronika festa antolatu du Irurtzungo Sakana Parken, gaueko 12:30etik hasi eta goizeko 6:30ak arte luzatuko dena, eta hiru Djak arituko dira giroa berotzen. Euren zaletasunaz aritzeko Dj Gordon eta Dj Sergirekin bildu gara.
Noiz hasi zineten musika jartzen? Dj Gordon: 10-11 urte nituenetik gustuko dut musika elektronikoa. Hasieran makina eta hardcorea nituen gustuko, baina gero trancea gehiago. 22 urte dauzkat eta 16 urte nituenean hasi nintzen pintxatzen. CD merke batzuk eta nahaste mahai merkea erosi eta bazterrak nahasten hasi nintzen. Aurrerago diskoak jartzeko platerak erosi nituen. Dj Sergi: Nik 24 urte ditut eta 20 urterekin hasi nintzen. Hasieran plater arruntak eta nahaste mahai merkea erosi nituen, gustuko ote nuen ikusteko. Izugarri gustatu eta ekipo profesionalagoa erosi nuen, ahal den tokietan Dj lanak eginez.
Zer da Dj bat? Nola definituko zenukete? Diskoak jartzen dituen pertsona bat baino gehiago da Dja. Doinuak edo kantuak ongi aukeratu eta nahasi behar ditu, giroa berotuz, eta Djaren eta festan daudenen artean konexio ona sortuz. Musika elektronikoan Dj borobilena diskoak jartzeaz gain musika egin edo produzitzen duena da, baina musika egitea nahiko konplikatua da. Sormenaz gain, ordenagailu eta ekipo ona eta denbora asko behar dituzu. Gure kasuan guk musika jartzen dugu.
Zein tresna behar dituzue? Nahasketa mahaia, biniloak edo diskoak jartzeko platerak eta CDekin pintxatu ahal izateko CDJ deritzonak. Technics markako platerak erabiltzen ditugu, 550 euro inguru balio du bakoitzak, eta nahaste mahai dezente batek ere prezio hori dauka. Eta gero musika asko izan behar duzu, biniloak eta CDak. Ordenagailua erabiliz gero, Serato edo Traktor programak behar dira, eta programa hauekin biniloak edo CDak erabili ahal dituzu.
Biniloak ez al dira lortzeko oso zailak? Lehen biniloak erosteko denda espezializatuak zeuden baina gutxika ixten ari dira, eta gaur egun biniloak internet bidez erosi ahal dira, bereziki atzerriko dendetan. Duela 6-7 urtera arte musika elektroniko guztia biniloan editatzen zuten, eta gaur egun %20-30a publikatzen dute soilik biniloan, gainontzeko guztia formatu digitalean editatzen da. Hortaz, gaur egungo musika pintxatzeko CDak erabiltzen ditugu gehiago, eta lehengo musika jartzeko biniloak.
Egun musika deskargatzeko eta erosteko denda digitalak daude. Denda horietako web guneetara sartu, nahi duzun musika guztia entzun, eta aukeratutako musika deskargatu eta CD batean grabatzeko aukera duzu edo, Serato programa izanez gero, zuzenean ordenagailura jaitsi, ordaindu eta kitto.
Musika elektronikoaren barruan zein estilo lantzen duzue? Estilo mordoa daude: house, minimal, tecno, electro… baina guri trance estiloa gustatzen zaigu, progressive-housea, melodia askotxo duen trance upliftinga eta tech-trancea.Trancea indartsua da, gustatzen eta asebetetzen gaitu. Estatuan estilo honetako musika oso gutxi ekoizten da. Bere garaian Txitxarron, Universalen eta beste dantzalekutan jartzen zuten, baina egun electrominimala eta housea dira nagusi. Moda kontua da hori. Holanda, Alemania, Inglaterra… dira trance estiloan aitzindariak. Armin Van Bouuren, Paul Van Dyk, Tiesto, Ferry Corlsten eta beste dira gustatzen zaizkigun Djak.
“Ruta del bacalao”aren boomak ez al zuen musika elektronikoa bulkatu baino gehiago kaltetu? Ziurrenik. Diskotekek, promotoreek eta bestek gaia gehiegi esplotatu zuten; jendea nekatu egin zen, irratiek musika mota hori jartzeari utzi zioten... Bestetik, musika elektronikoa drogen gaiarekin enfokatu nahi izan zuten, eta drogak toki eta giro guztietan daude. 2002 urtean, esaterako, Euskal Herrian 20-25 diskoteka inguru zeuden eta orain bost bat geratzen dira. Balentzia eta Castellon aldeko makrodiskoteka askok ateak itxi dituzte. Gobernuak ezarritako murrizketek –ordutegiak eta beste- ez dute musika elektronikoa ezer lagundu; egur gehien jaso duena izan da. Aparte, jendea ez da horrenbeste ateratzen. Musika honetaz gozatzeko hiriburuetara eta Ibizara jo behar da. Bakalaoaren booma piztu zenean Dj gutxi zeuden eta lan egiteko toki asko, eta orain Dj asko daude eta garito gutxi.
Musika negozioa da. Zer jartzen den eta zer ez. Gaur egun rockak bere tokia izaten jarraitzen du baina toki gehienetan musika komertziala da nagusi, patxanga. Irrati formuletan hori da entzuten dena. Uste dugu, irrati formuletan musika elektroniko gehiago jarriko balute, jendeari estilo hori ere gustatuko litzaiokeela.
Sakanan trancea entzuten da? Oso gutxi. Electroa gehiago entzuten da, eta tecnoa ere jaitsi egin da. Guretako gauza nahiko zaila dago, zerotik hasiko bagina bezala, zeren electroak, minimal houseak eta bestek Estatuan oinarri bat badute, baina 2003tik, progresibo izena zuenetik ez da trancea apenas entzun. Holandan arrakasta handia du tranceak. Sekulako festibalak egiten dituzte. Martxoaren 7an Holandako Trance Energy festibalean egon ginen hirurak; bertan zeuden Dj onenak eta primeran pasa genuen.
Dj Gordon, Dj Sergi eta Dj Unai Ath elkartu eta North Trance Collectiv sortu duzue. Zertarako? Foroan, festibaletan, pintxatzen… topo egin izan dugu, eta aspalditik genuen kolektiboa sortzeko gogoa. Trance estiloan egun ez dago ia ezer eta indarrak metatzea pentsatu dugu, gustuko dugun trance musika pintxatzeko, ongi pasatzeko eta musika hau hedatzeko. Hasieran festatxo txikiak antolatzea da gure asmoa; ea aurrerago zerbait potoloagoa egin dezakegun. Eskatzen diguten tokietara joateko prest gaude, toki ezberdinetan aritzeko eta gure estiloa hedatzeko.Gure zaletasuna da.
Eta gaur Sakana Park festibala antolatu duzue Irurtzungo Sakana Parken. Bai, doan da. Gauerdian hasiko gara, 12:30ean eta goizeko 6:30ean bukatu. Hirurok ariko gara lanean, erritmo lasaietatik hasi eta indartsuenetara helduz. Hasieran trance lasaiagoa jarriko du Unaik, gero Sergik trance upliftinga sartuko du, asko jotzen duen estilo melodikoa eta, bukaeran, nik estilo berarekin jarraitzeaz gain tech-trancea sartuko dut, tecno eta tribalaren eragina duena, indartsuagoa. Eta jakina, beti jarri behar dira lauzpabost klasiko.
Zer espero duzue? Besterik gabe giroa sortzea. Musika berria eta ezberdina entzutera eta antolatu duguna ikustera gonbidatu nahi dugu jendea, eta gero eman dezatela euren iritzia. Ezin daiteke esan festa kakazaharra dela ikusi ez baduzu. Jendea animatu dadila eta zuzenean ikus dezala.
Emanaldia grabatu eta zuen myspace web gunera igoko duzue… Bai, www.myspace.com/northtrance da gure helbidea eta bertan gure kolektiboari eta gure lanari buruzko informazio guztia dago. Irurtzungo sesioa bertan jarriko dugu, nahi duenak deskargatu dezan. Bestalde, jaialdira doazenei, CD bat oparituko diegu gure grabazioekin Irurtzungo festetan, uztailaren 17an ere beste jaialdi bat eginen duzue, ezta? Bai, toki berean. Itzeleko Dj beterano bat ekarriko dugu, Thomas Totton, eta remember edo oroitzapen festa egingo dugu, garai haietako musika jarriz.
Non gustatuko litzaizueke “pintxatzea”? Holandako Trance Energyn edo Natur One festibalean. Baina hori ametsa besterik ez da, festibal horietan Dj onenak aritzen baitira, musika jartzeaz gain musika sortzaileak direnak.
*Oharra: North Trance Collectiv taldearen informazio guztia: www.myspace.com/northtrance
Sakana Park festibala (ostiralean 0:30etik aurrera Irurtzungo Sakana Parken) -0:30etik 2:30era: Unai ATH: (Progressive-Trance)
-2:30etik 4:30era: Dj Sergi (Uplifting trance)
-4:30etik 6:30era: Dj Gordon (Uplifting trance / Tech-Trance)
Sarrera dohainik. Ikusleek CDa jasoko dute opari.
|