IRAILAK
8
asteazkena
 

On egin Ziordia bizirik-ekin!
10/02/04
Oihana Gallo San Roman
Ziordia. 400 biztanle inguru dituen Sakanako Udalerria. Arabatik etorrita lehenengo herria. Sakanatik joanda azkena. Joan etorri honetan aski ezaguna da Ziordia herria eta bertako ziordiarrak gure ibarrean. Herri txikia izan arren oso dinamikoa izan da betidanik, baina azken boladan herriko giroaren gainbeheraz jabetuta Ziordia Bizirik Plataforma jarri dute abian. Festak berreskuratu, lehiaketak, ikastaroak eta beste antolatu dituzte hilabete gutxian eta honen berri emateko Plataformako kide diren Saioa, Maitane, Itsasne, Olatz eta Maider izan dira Beleixe irratian.

Ziordia bizirik plataforma

Esaera zaharrak dioen bezala, “izena duenak izana ere badu”. Eta hori da hain zuzen ere Ziordia bizirik plataformaren helburua: Ziordiak bizirik irautea.

Plataformako kideek azaldu bezala “Ziordia oso txikia den arren azken urteetan herri oso dinamikoa izan da. Baina azkeneko 3-4 urteetan gainbehera zihoan herria bilakatu da gurea. Herri dinamikoa izatetik hiltzorian dagoen herri izatera pasa da”. Egoera honekin jabetuta herriko lagun talde bat bildu eta plataforma martxan jartzea erabaki zuten.

Asko izan daitezke gainbehera honen arrazoiak baina plataformako kideen iritziz “egungo jendartean bultzatzen diren ereduak ez die herri txikiei gehiegi laguntzen eta bestalde Udalaren jarrerak ez du asko lagundu”.

Honi aurre egiteko asmotan uda partean eman zuen ezagutzera bere burua aipatu plataformak. Honela, etxe guztietan taldearen berri eman eta festetarako lehenengo ekintzak antolatu zituzten.

Aurkezpenarekin batera herriko artista batek diseinatutako logoa ezagutzera eman zuten. “Oso koloretsua eta marra pila bat dituen logoa da. Jende aniztasuna da islatu nahi izan dudana” azaldu du Maiderrek.

Orain artekoak
Festak herritik herriarendako. Filosofia honi jarraiki Plataformak hainbat ekitaldi antolatu zituen herriko festetarako: bazkariak, antzerkia eta argazki erakusketa esate baterako. Bestalde Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako film laburren txapelketan aurkeztutako filmeak ikusteko aukera izan zuten ziordiarrek. Eta orain dela gutxi Santa Luzia jai entzutetsuan sukaldari lanetan aritu ziren plataformako kideak. “Gaztetxean taloak egin eta gaztainak erre genituen eta txikienek torrijak egin zituzten”

Festez edota jai egunez gain bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Azken finean, ziordiarrek parte hartzea da haien helburua; herria bizirik mantentzea.

Honela bururatu zitzaien egun burutzen ari diren ikastaro interesgarri eta osasungarria: Barazkijeleendako sukaldaritza ikastaroa.

Hemendik aurrerakoak
Pixkanaka pixkanaka bidea egiten ari den taldea da Ziordia bizirik eta aurrerantzean bestelako ekintzak egitea aurrikusten dute. “Guk ahal dugun moduan lanean jarraituko dugu”. Azken egun hauetan esaterako, haurrendako ping-pong lehiaketa  burutu dute eta aurrerago argazki lehiaketa bat egitea dute buruan. “Argazki lehiaketaren gaia oso originala da. Ziordia”. Argitu dute plataformakideek barreka. Agendan oraindik datarik ez duen beste ekintzetako bat AHTren aurkako mugimenduaren hitzaldi bat da.

Herriko ohitura zaharrei dagokienez, orain dela urte batzuk hain entzutetsua den Maiatza berreskuratu zuten Ziordian. “Asko kostatu zitzaigun hau berreskuratzea eta orain dela 2 urte egiteari utzi zaio. Pena handia da eta hau mantentzearen alde egingo dugu lan”.

Ziordia bizirik Plataformak bide laburra egin badu ere harrera ona izan du herrian eta bidelagun askoren topaleku bihurtu da. Adibideetako bat azken hilabetean burutu duten barazkijaleendako sukaldaritza ikastaroa.


Barazkijaleendako sukaldaritza ikastaroa
Ikastaro hau izan da Ziordi Bizirik plataformak burutu duen azken ekintzetakoa bat. Beleixe irratiak ikastaro honi buruzko xehetasun guztiak bildu nahi izan ditu eta Ziordiko elkarteko sukalderaino sartu da.

Plataformako kideen harridurarako, izen emate epea ireki zutenean jende asko animatu zela ohartu ziren. 28 lagunek izen eman zuten eta horregatik bi taldetan banatu behar izan zituzten. Honela, astearteetan talde baten txanda izaten da eta ostiraletan bestearena.

Lapiko eta zartagin artean aritu izan dira azken asteetan eta asko ikasi duten ala ez galdetuta ez dute erantzun nahi izan. “Garrantzitsuena giroa da. Astero elkartzen gara eta gauza berriak ikasten ditugu”

Aurretik sukaldaritza ikastaro bat egina zutela argitu dute Ziordiko emakumeek baina “sukaldaritza begetarianoari buruzko ikastaroa zegoela jakin genuenean animatu ginen. Herriari bizitasun pixka bat emateko” azaldu dute.

Praktikatzen duten ala ez galdetuta zera erantzun dute aho batez: “Guk ez. Beharbada gazteek ohitura handiagoa daukate barazkijale izateko. Baina gu dagoeneko beste era batera jaten ohituta gaude”. Hala ere ez diote uko egiten noizbait prestatzeari. “Lehenengo ikasi egin behar dugu eta gero etxean prestatzen saiatuko gara.”

Dena den, dena ez da ikastea eta praktikatzea. Ikastaroa oso praktikoa izan ohi da eta bertan prestatzen dituzten jakiak eta errezeta goxoak dastatzeko aukera izaten dute gau partean. “Behin etxetik aterata eta prestatu duguna dastatzeko afaltzera geratzen gara guztiok”.


Itsaso Castellanori elkarrizketa
Irakaslea

-Nola hasi zinen zu barazkijale munduan?
18 urterekin hasi nintzen gutxi gorabehera. Lagun bat barazkijalea zen eta haren bidez hasi nintzen. Pixkanaka haragia eta arraina jateari utzi nion eta hala izan zen.

-Non ikasi duzu sukaldaritza begetarianoa?
Saltseatuta. Amaren etxean bizi nintzen eta bera ez da barazkijalea; orduan nik prestatu behar izaten nuen nire janaria. Etxean saltseatutz eta lagunekin asko ikasi dut. Gerora, Iruńeko Gaztetxea zenaren Lapiko jantoki barazkijalean parte hartzen hasi nintzen eta asko ikasi nuen. Jende asko pasatzen zen bertatik eta batetik eta bestetik asko ikasi nuen. Egunean 30 pertsona inguru pasatzen zen bazkaltzera. Prezio ekonomiko batean oso janari goxoak prestatzen genituen.

-Oraingoan irakasle. Nola sortu zen Ziordian sukaldaritza begetarianoari buruzko ikastaroa egitearena?
Lagunen bidez iritsi zitzaidan proposamena.

-Zer moduz moldatu dira ziordiarrak sukaldean?
Ongi. Asko eskertzen dute plater berriak egitea. Denetarik dago. Sukaldatzen dakiena, zerbait dakiena, gutxi dakiena,...
Baina plater guztiak oso ongi atera dira. Orain haien txanda da eta etxean praktikatu behar dute

-Nola prestatzen dituzu eskolak?
Plater ezberdinak egiten saiatzen naiz. Egunean 4 edo 5. Arratsaldeko 19:30ean hasten gara eta binaka platerak prestatzen dituzte. Plater guztiak prest dauzkagunean mahaiaren inguruan esertzen gara. Saio guztietan osagai berriren bat sartzen saiatzen naiz.

-Oso praktikoa beraz. Ikasi ondoren dastatzera. Hau da hau pagotxa!
Kar, kar... Tailerra da bai. Oso praktikoa eta oso gustura gaude.

-Zenbat errezeta ikasi dituzte?
25en bat.

-Zergatik da zure ustez osasuntsuagoa barazkijaleen dieta?
Kontuan izan behar da dieta orekatua izan behar dela. Baina gaur egun haragi gehiegi jaten dela uste dut. Horiek proteinak dira eta gure gorputzak ez ditu hainbeste proteina behar. Zerealak oso garrantzitsuak dira esaterako eta ez diegu ia garrantzirik ematen.

-Jaten duguna al gara?
Uste dut baietz.

-Ziordiaz gain beste nonbaiten ematen duzu ikastaroren bat? Non?
Bakaikun orain dela gutxi hasi naiz ikastaroa ematen eta bi saio besterik ez ditugu eman. Ziordian bukatzear eta Bakaikun hasi berriak gara.

-Ikusten duzu zure burua ikastaroak ematen edo errezeta liburu bat idazten?
Aukeran nahigo ikastaroak ematen. Eskoletarako errezetak idatzi behar izan ditut eta gehiago kostatu zait. Eskolak ematen aldiz oso gustura aritzen naiz. Nire saltsan!

-Saltsera zaren seinale..
Bai hala da.

-Bukatzeko errezeta goxo eta azkar bat mesedez?
Postre goxo bat. Azenarioa eta kokoarekin egindako bolatxoak. Azenarioak zuritu eta egosi eta hozten utziko dugu. Hoztu eta gero likuadoratik pasatu eta honen pulpa hartuko dugu. Masa bat da lortu nahi duguna. Masa honi azukrea eta kokoa botako diogu. Bolatxo batzuk egin eta gainetik kokoa bota. On egin!



Bierrik Fundazioa | Foruen plaza 23 ,1. | 31800 Altsasu (Nafarroa) | Tfnoa.: 948 56 42 75 | Faxa: 948 56 21 07 | E-mail: guaixe@guaixe.net
Web Mapa | Lege Oharra | Datuak Babesteko Politika | Web Diseinu eta Programazioa
BAI EUSKARARI - zerbitzua eta lana euskaraz