IRAILAK
10
ostirala
 

     
Antzerkia
Argazkilaritza
Arkitektura
Artea
Bertsolaritza
Bideoa
Dantza
Dokumentala
Eskulanak
Eskultura
Gastronomia
Hitzaldiak
Hizkuntzalaritza
Ipuin kontalariak
Komikia
Kultura
Literatura
Magia
Musika
Pailazoak
Pintura
Toponimia
Txotxongiloa
Zinema
Zirkoa

  Egurra, harria eta pintura lantzen duten eskuak

Hilaren amaierara arte Altsasuko Iortia kultur gunean egonen dira Venancio Amillanoren lanak

 - Argazkia Haunditu

Gaur irekiko ditu ateak Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketa berriak. Egurrezko armarriak, altzariak, eskulturak, harri eta marmolezko eskulturak eta pinturak ageri dira bertan. Guztiek ere egile berdina dute: Venancio Amillano. Garai bateko artistek bezala, altsasuarrak elementu ezberdinak lantzen ditu bere esku abilekin. Hilabete batez Isidoro Melero kalean duen tailerra utzi eta Altsasuko Iortia kultur gunera eraman ditu bere lanak. Bertan egonen dira martxoko azken igandera arte.

Bihotza
Altsasuko artistak bihotza jartzen du bere lanean. Agerian uzten dute hori bere armarri, altzari, eskultura eta margolanek. Gertuko gaiak landu ditu gehien bat; ezagutzen dituenak, sentitzen dituenak: herriko, ondoko herritako, herrialdeko edota familia abizenen armarria; San Migelen eta San Juan de Diosen –suhiltzaileen taila- irudiak; emakume itxurako eskultura; San Pedro eta Erkudengo baselizen eta Sarabeko paisaien koadroak eta abar. “Altzak ez du bihotzik” dio kantuak, baina Venancio Amillanok lantzen dituen haritz eta intxaurrondoak –kalitate oneneko zurak- eta Almandozko marmolak asko transmititzen dute.
Altsasuko artistaren sentsibilitatea eta abilezia ezagunak dira Altsasun. Behin baino gehiagotan atera da herriko plazara Maiatzeko Gurutzean. Isidoro Melero kaleko tailerra ere herritar batek baino gehiagok bisitatu du, bere lana gertutik ikusi nahian. Baina, orain arte ez du bakarkako erakusketarik egin Altsasun. Bere lanak espazio zabal eta txukunean ikusteko aukera paregabea da.   

Ebanista artista bihurtuta
Ez zuen haurtzaro erraza izan Venancio Amillanok; anai-arreba asko ziren etxean eta behar handiak zituzten. Zailtasun horiei aurre egiteko gai izan zen Venancio. Urtetan ebanista izan zen ogibidez. Orduan ikasi zuen egurra lantzen. Gerora, suhiltzaile sartu zen, baina ez zion aurreko lanari utzi; artisau lanak egiten zituen tarteka-tarteka. Egurrarekin hasi, eta hura tailatzen zuen bezala, harria lantzen hasi zen. “Ez dago alde handirik” azaldu zigun erakusketa mustu bezperan, “materialak ezberdinak izanik, lantzeko erabiltzen diren tresnak ere ezberdinak dira, baina prozesua antzekoa da: egin nahi dena irudikatu, forma eman eta leundu”.
Egurra eta harria lantzearekin nahiko ez eta afizio berria aurkitu du azken urtetan, pintura. Duela bost bat urte hasi zen hura lantzen. Manolo Bergera eta Itziar Nazabalen laguntzarekin eman zituen lehen pausuak. “Marrazten jakinda ez da zaila. Horretan esperientzia nuen, tailan hasi aurretik marraztu egiten baitut. Koloreak konbinatzea kostatzen zitzaidan gehien hasieran eta horretan lagundu zidaten irakasleek” esan zigun. Ikasle ona izan da altsasuarra. Bere margolanak ikusgai daude Altsasuko Iortia kultur gunean, armarri, altzari eta eskulturekin batera.

Erakusketa
Venancio Amillanok egurrean, harrian eta marmolean landutako armarri, altzari eta eskulturak ikusi daitezke erakusketan, baita margolanak ere. Altsasuko artisauaren lanak Iortia kultur gunean egonen dira hilaren amaierara arte.

Ordutegia
Martxoaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara, eta igandetan, 18:30etik 20:30era, Altsasuko Iortia kultur gunean. Gaur, 19:00etatik aurrera, irekiera ekitaldia.



[Iruzkina sartu]


Bierrik Fundazioa | Foruen plaza 23 ,1. | 31800 Altsasu (Nafarroa) | Tfnoa.: 948 56 42 75 | Faxa: 948 56 21 07 | E-mail: guaixe@guaixe.net
Web Mapa | Lege Oharra | Datuak Babesteko Politika | Web Diseinu eta Programazioa
BAI EUSKARARI - zerbitzua eta lana euskaraz